2011/04/12

ESTATU BATUETAKO GERRA ZIBILA


Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibilean (ingelesez American Civil War edota War Between the States izenez deitua; euskaraz Amerikar Gerra zibila edota Estatuen Arteko Gerra esan nahi du) 1861 eta 1864 bitartean Ameriketako Estatu Batuetan jazo zen gerra zibil bat izan zen. Hegoaldeko Estatu Batuetako esklabotzaren aldeko 11 estatuk Estatu Batuetatik banandu eta Ameriketako Estatu Konfederatuak edo Konfederazioa sortu zuten, honen hiriburua Richmond aukeratu eta presidentea berriz Jefferson Davis izan zen. Konfederazioa Batasunaren aurka borrokatu zen, azken honek Estatu Aske guztien (hauetan esklabotza abolituta zegoen) eta esklabotzaren aldeko bost estatuen babesa jaso zuen (azken hauek Border States edo Mugako Estatuak izena jaso zuten).

1860eko Presidentziarako Hauteskundeetan Alderdi Errepublikarrak Abraham Lincolnen gidaritzapean jada esklabotza ezarrita zegoen estatuetatik kanpo burutu zahi zen hedapenaren aurkako kanpainia egina zuen. Hauteskude hauetan jazotako errepublikar garaipenari erantzun nahirik, 1861eko martxoaren 4an Lincolnek presidente kargua hartu aurretik Hegoaldeko zazpi estatuk Estatu Batuetatik banandu egin ziren. Bai gobernua uztera zihoan James Buchanan presidentearen administraritzak, zein gobernura sartzera zihoan Lincolnen administrazioak ere bereizpen edo sezesio hau legez kanpokotzat hartu eta matxinadatzat jo zuten. Une hartan beste hainbat estatu esklabistek sezesio edo banaketa deialdiari ezezkoa eman zioten.

Gatazka 1861eko apirilaren 12an indar konfederatuek Hegoaldeko Karolina estatuan dagoen Fort Sumter gotorlekua erasotu zutenean hasi zen. Lincolnek jabego federal hau berreskuratzeko asmoz estatu bakoitzeko boluntarios osatutako gudaroste bati deia luzatuz erantzun zuen. Honek esklabutzaren aldeko beste lau estatuen sezesio aldarrikapenak ekarri zituen. Bi aldeek gudarosteak osatu zituzten, eta Batasunak gerra hasieran mugako estatuen kontrola bereganatu eta itsas blokeo bat ezarri zuen. 1862ko iraileko Lincolnen Emantzipazio Aldarrikapenak Hegoaldeko esklabotza desagertaraztea gerra arrazoi bilakatu[1] eta britainiarrei gerra hartan sartzeko asmoa burutik kendu zien.[2]

Robert E. Lee komandante konfederatuak ekialdean hainbat gudu irabazi zituen, baina 1863an Gettysburgo guduan jasandako galera latzen ondorioz bere iparralderako aurrerakada bertan behera gelditu zen. Mendebaldean, Batasunak Mississippi ibaiaren kontrola bereganatu eta Konfederazioa bitan banatzea lortu zuen. Denbora igaro hala, Batasunak bere gizon eta material kopuruan zuen abantailari etekina ateratzen hasi zen, horregatik 1864. urterako Ulises S. Grantek Leeren aurkako ahultze borrokak erabili zituen. Bienbitartean, Batasunaren aldeko William Tecumseh Sherman jeneralak Atlanta hiria bereganatu eta itsaso aldera zuzendu zen. 1865eko apirilaren 9an Appomattox Court Houseko guduan Lee Granti errenditu zitzaionean Konfederazioaren erresistentzia bere hartan amaitu zen.

Ameriketako Estatu Batuetako Gerra zibila lehenbiziko benetazko gerra industrialetako bat izan zen. Trenbideak, baporeontziak, eta kopuru handitan ekoiztutako armak ugari erabili ziren. Shermanek Georgian erabateko gerra edo gerra totalaren praktikak martxan jarri zituen, eta Petersburgh inguruan burututako trintxera edo luebaki guduak Lehen Mundu Gerran gertatuko zenaren aurrekariak izan ziren. Estatu Batuetako gerrarik hilkorrena izaten jarraitzen du, bere ondorioz 620.000 gudari hil eta zehaztu gabeko zibil kopurua ere hil zen. Iparraldeko 20 eta 45 urte arteko gizonen %10a hil zen, eta Hegoaldeko 18 eta 40 urte arteko gizon zurien %30a. Iparraldearentzat garaipenak Konfederazioa eta Estatu Batuetako esklabotzaren amaiera suposatu zuen, era berean, baita gobernu federalaren paperaren indartzea ere. Gerra honen ondorengo gizarte, politika, ekonomia eta arraza arazoek 1877. urterarte luzatu zen berreraikitzean modu erabakikorran eragin zuten.

1 comentario:

Gara dijo...

Argazkia garaiarekin bat al dator? Aldatu, mesedez.